Lotu gure sokara lagundu

x

1974ko TXIMIST ESPEDIZIOA ERAKUSKETA

1974ko TXIMIST ESPEDIZIOA ERAKUSKETA Argitaratuta: 03-07-2024
1974ko TXIMIST ESPEDIZIOA ERAKUSKETA
ERAKUSKETA: 1974ko TXIMIST ESPEDIZIOA, 50 URTE GEROAGO.
1974an euskal talde bat abiatu zen Chomolungma (Everest) mendiko gailurrera iristeko asmoz, Tximist Espedizioa. Juan Celaya enpresariak finantzaturik, mugarri bat izan zen euskal mendizaletasunaren historian, munduko gailurretik gertu geratu baitzen. 1980ko maiatzean munduko gailurrik garaienean ikurrina ezarri zuen Euskal Espedizioaren aurrekaria izan zen. Gerora Euskal Herritik Himalaiako mendi handietara abiatu zen erromesaldi luze baten hasiera izan zen.

Abentura horren berrogeita hamargarren urteurrenean, EMMOAk espedizio horri buruzko erakusketa hau eskaintzen dizuete atsegin handiz, Tximist espedizioak mendi handien bideak ireki baitzizkion euskal alpinismoari.
Erakusketak 20 panel ditu, argazkien bidez beste horrenbeste une esanguratsu erakusteko. Azalpenak ele bietan daude. Bestelako elementuak ere baditu ikusgai: Everest mendiaren maketa handi bat, Juan Ignacio Lorentek egindakoa; hiru maniki, espediziokideen ekipamendua daramatenak, eta Nepaletik ekarritako hainbat oroigarri, horietako batzuk oso hunkigarriak.

Erakusketa Gasteizko Amarica aretoan bisita daiteke; Tximist espedizioa hiri horretan sortu, finantzatu eta antolatu baitzen. Ekainaren 27an inauguratu zen eta uda osoan egongo da ikusgai, abuztuaren 31ra arte.
Ordutegia: asteartetik ostiralera 18:00etatik 21:00etara; larunbatetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara; igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara; astelehenetan itxita.

EMMOAk eskerrak eman nahi dizkie Amarica aretoko langileei eta omenaldi hau posible egin duten gainerako erakundeei. Haiei esker egin dugu erakusketa, baita omenaldia ere, ekainaren 21ean Europa Biltzar Jauregian. Honako hauek izan dira: Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala, Vital Fundazioa, Euskadi Basque Country, Laboral Kutxa, Juan Celaya Fundazioa eta Euskal Herriko Alpinismo Federazioa. Azken hori gogoratu nahi dugu bereziki, aurten bere mendeurrena ospatzen baitu.
ARGAZKI ERLAZIONATUTAK


BERRI GEHIAGO