Zer da EMMOA?

ZERGATIK SORTU DUGU EMMOA?
Euskal mendizaletasunaren historiak bete du dagoeneko mendea, eta zaletasun hori bideratu zuten lehenengo belaunaldiak, bizi-legez, pixkanaka-pixkanaka desagertzen joan dira, eta, era berean, desagertzen joan dira beren jardueren nortasun-ezaugarri ziren tresnak ere, ondare garrantzitsua osatzen zutenak. Era horretara, gure mendizaletasunaren bilakaeraren berri ematen zuten garai haietako botak, motxilak, sokak, kranpoiak, pioletak, iparrorratzak, agiriak eta abar galtzen joan dira pixkanaka, horiek kudeatzeaz eta gordetzeaz arduratuko zen erakunderik ez zegoelako.
Zenbait ekimen partikular bezain txalogarriri esker, oroimen historiko horren zati txiki bat salbatu da denboraren higaduratik, eta, duen berezitasunagatik, balio itzeleko herentzia da, hain zuzen.
Ondare horrek desagertzeko zuen arriskuaz jabetuta, mendizale-kolektibo batek, Euskal Mendizale Federazioaren eta Eskalada Kirolen Napar Federakundea bermearekin, EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoa Fundazioaren sorrera sustatu du, euskal mendizaletasunaren historiarekin zerikusia duen ondare materiala biltzeko, gordetzeko, zaintzeko, zabaltzeko eta erakusteko.
ZEIN DA GURE PROIEKTUA?
EMMOAren sustatzaileok badakigu ondare hori ahanzturatik eta desagertzetik libratzeko hasi dugun proiektu honek mota askotako mugak dituela, eta onartzen dugu hori; hala ere, aurrera egingo dugu, premiazkoa baita guretzat beranduegi baino lehen zeregin horri heltzea.
Zaletasunak eta gure historiarekiko errespetuak bultzatuta, iritzi publikoaren aurrean agertu gara, beraz, erakunde, enpresa, mendi-federazio eta -kluben aldetik nahiz herri honetako milaka mendizaleren aldetik behar dugun laguntza lortzeko esperantzarekin; ea guztion artean Euskal Herriaren historiaren alderdi garrantzitsu hori salbatzea lortzen dugun.
Dohaintzaren figuran oinarrituta, honako hauek egin nahi ditugu: mendiarekin lotutako gaietan espezializatutako liburutegi handi bat, agirien artxibategi bat, fototeka bat, hemeroteka bat, bai eta balio historikoa duten piezen gordetegi bat ere, kontserbazio- eta segurtasun-baldintza guztiak beteko dituena. Horiek guztiek osatuko dute nagusiki Mendi Dokumentazioaren Euskal Zentroa, EMMOAren helburuen jomuga diren euskal gizarteko estamentuen laguntzarekin errealitate bihurtzea espero dugun zentroa.
GURE HELBURUAK
-
ONDAREA ESKURATZEA ETA GORDETZEA
Mendiari eta mendizaletasunari buruzko ondare materiala eta ez-materiala eskuratzea eta kontserbatzea; bereziki, Euskal Herriko mendiei eta euskal mendizaleei buruzkoa.
-
BALIOAK TRANSMITITZEA
EMMOAren jardueren eta funtsez bidez, herritarrei oro har eta gazteei bereziki mendizaletasunaren espiritua eta naturarekiko errespetua transmititzea.
-
ZABALKUNDEA INDARTZEA
Euskal mendizaletasunaren historiaren zabalkundea sustatzea, gizartean hurbila eta ikusgarria izan dadin.
-
ESKURAGARRITASUNA ETA HEDAPENA
Museoaren zerbitzuak eta edukiak herritarrek eskuragarri izan ditzaten laguntzea.
GURE HISTORIA
-
ASPALDIKO PROIEKTUA
Federación Vasco Navarra de Alpinismo elkartearen sorrerako estatutuetan jasota dago mendiari eta mendizaletasunari buruzko museo bat sortu nahia.
-
ARTXIBO HISTORIKOA
Elgetako Udalak utzitako lokal baten gordetzen dira Euskal Mendizale Federazioaren (EMF) Artxibo Historikoa osatzen duten dokumentuak.
-
ELGETA, HISTORIAREN SEASKA
Euskal mendizaletasunaren museoa sortzeko kudeaketa-lanak egin ziren Elgetan, hango udalak hala eskatuta, baina bertan behera gelditu zen guztia, udalbatza aldatu zenean.
-
EMMOAREN SORRERA
Gasteizen, notarioaren aurrean, Euskal Mendizaletasunaren Museoa/Fundación Museo del Montañismo Vasco, EMMOA, eratu zen, euskal mendizaletasunaren museoaren sorrera sustatzeko helburuarekin.
-
EMF-K BABESA ESKAINI EMMOARI
2015eko ekainaren 22an sinatu zen EMFren eta EMMOA Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmena.
-
ARANZADI ETA EMMOA
Aranzadi Zientzia Elkartearen eta EMMOAren arteko hitzarmena sinatu zen apirilean, etorkizunerako estrategiak bateratzeko asmoz.
-
Sabadelleko Servei General de Muntanya
Apirilaren 30ean, EMMOAko lau kide Sabadelleko Servei General de Muntanya zentroan izan ziren bisitan, dokumentazio-zentro horrek duen eskarmentu luzetik ikasi ahal izateko. Era berean, lankidetza-hitzarmen bat ere sinatu zen, bi erakundeen arteko harreman ona berresteko.
-
EMMOA eta Mendi eta Eskalada Kirolen Nafarroako Federazioa
Maiatzaren 5ean, EMMOAren eta Mendi eta Eskalada Kirolen Nafarroako Federazioaren arteko hitzarmena sinatu zen Iruñean. Bi erakunde horietako lehendakariek, Txomin Uriartek eta Martin Montañesek, sinatu zuten agiria.
-
IMMAren urteko bilera
Urriaren 5etik 7ra bitartean, EMMOAko lehendakaria eta idazkaria Sabadellen izan ziren gonbidatu gisa IMMAren (International Mountains Museums Alliance) urteko bileran.
-
ANOETA PROYEKTUA
Donostiako Udalak, kirol-sailaren bitartez, 500 m2-ko gune bat eskaini zion EMMOAri Anoetako estadioan, gaur egun berritzen ari diren instalazioetan, euskal mendizaletasunaren hedapena sustatzeko.
-
EMMOA Zuhaizti Kiroldegian
Donostiako Udalak, kirol-sailaren bitartez, 130 m2-ko gune bat utzi dio EMMOAri Zuhaizti Kiroldegian; Fundazioaren bulegoak, liburutegia eta funtsen artxiboa kokatuko dira espazio horretan.
BABESLEAK ETA LAGUNTZAILEAK
Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundea

Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundea, erakunde pribatua da, irabazi asmorik gabekoa eta elkartze oinarria duena. Mendi kirolak, eskalada, eta estatutoek aipatzen dituzten gainerako kirol motak sustatzea eta zabaltzea Nafarroako Foru Komunitatean helburu nagusia
ARANZADI

1947an sortu zenetik, Aranzadi Zientzia Elkartea etengabe ari da natura-inguruneren eta giza zientzien alorrean ikerketa eta hedapen zientifikoak garatzen; gaur egun, entzute handiko erreferentzia bilakatu da nazioartean, hainbat eta hainbat esparrutan, hala nola Bioaniztasunean, Antropologian eta Historian.
BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia

Mendia, Abentura, Muturreko kirolak eta Natura gaien inguruko nazioarteko zinemaldia da BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia. 2008an sortu zen, eta harrez gero urte osoan zabaltzen du mendiko kultura hainbat hiri eta ikastetxetan. Kultura eta mendizaletasunaren inguruko eragile aktiboak ditu bidelagun.