Nafarroako alpinismoak aurrerapen-erritmo oso azkarra izan zuen 70eko hamarkadan. 1971n hasi zen Hoggarrean, han “lehenengo” asko egin baitzituzten. Ondoren, Groenlandian, 14 gailurretan bide ugari ireki zituzten. 1976an lehen zazpimil euskalduna lortu zuten, Shakhaur (7.116 m), eta han poloniar mendizaleen aldetik erreskate-lankidetza bikaina izan zen. Azkenik, 1979an Dhaulagirira igo ziren, lehen zortzimil euskaldunera; 1981ean Jannura iritsi ziren, ia zortzi mila metroko mendi oso zaila, eta urte batzuk geroago K2 ere lortuko zuten.
Xabier Garaioak beste material batzuekin batera emandako botiken kutxak gogorarazten digu arriskua oso gertu dagoela arrakastatik goi-mendian.

