Euskal mendizaletasunaren historiako alpinistarik aipagarrienetako bat izan zen Ángel Landa Bidarte, eta ekainaren 1ean hil zen, 85 urte zituela.
Ángel Landa 1935ean jaio zen Sestaon, eta haren ibilbide kirolariak alpinismo klasikoaren kontzepturik garbiena adierazten du. Berritzailea izan zen helburuak zehazteko orduan, eta ireki zituen bide ugariak logikaren eta ausardiaren adibide gisa geratzen dira.
Atxarteko hormetan arrastoa utzi ondoren, La de Todos, La Roja edo Labargorriko tximinia bezalako bide klasikoekin, Pedro Udaondo laguntzat zuela sokan, historian geratu ziren bide klasikoak egin zituen Picos de Europan ere, hala nola Peña Santarako Txori Beltzaren Kanala (1958), edo neguko lehen igoerak, hala nola Naranjora Régil bidetik (1956).
Hirurogeiko hamarkada Alpeetako jarduera bizia izan zuen, han ere Udaondorekin batera, Drus-eko Bonatti Zutabea igo zuenean (1961). Hurrengo urteetan izen handiko bideei aurre egin zien, hala nola Grand Capucin-eko ekialdeko horma, La Brenva edo Gervasutti couloir-eko neguko igoera.
Zuzendari teknikoa izan zen Andeetara 1967an egindako euskal espedizio historikoan, eta itzuleran egun batzuk kartzelan eman zituen, espedizioan zehar ikurrin bat erakustearen aurkako salaketak sortutako eskandaluaren ondorioz.
Ardura tekniko bera izan zuen 1974ko Everesteko Tximist espedizioan, zeinak gailurretik 300 metro baino zertxobait gehiagora iritsi baitzuen.
Haren ibilbideari Afrikako mendietan egindako igoerak ere gehitu behar zaizkio, hala nola Monte Kenyako Diamantearen couloir-ekoa, eta era berean, parte-hartze azpimarragarria izan zuen Naranjo de Bulnesen 1969 eta 1970ean egindako erreskateetan.
Alpinismo garbiaren defendatzaile sutsua, Bonattiren filosofiaren jarraitzailea, gogor kritikatu zituen alpinismoaren etikatik aldentzat jotzen zituen joerak.
Haren azken agerraldi publikoa ETB1eko “Itxi liburuak” programan izan zen, joan den martxoan.
—–
Argazkia: Udaondo eta Landak (eskuinean) osatutako sokada historikoa (P. Udaondoren artxiboa)