HAMALAU ZORTZIMILAKOAK (Javier eta Jennyren Himalaya) izeneko erakusketa EMMOA fundazioak prestatu du. Munduko 14 mendi garaienen olio-pintura eta akrilikoen erakusketa bat da. Zortzimilakoak dira, hau da, 8.000 metrotik gorako altuera duten mendiak: guztiak Himalaian eta Karakorum-en daude. Jenny Egusquiza artista britainiarrak egin ditu koadroak, berariaz EMMOArako.
Guztira 15 erreprodukzio dira, 75 cm luze eta 50 cm altu, foam lodian eginak. 15 dira (eta ez 14). Izan ere, Everest bi koadrotan agertzen da, Nepalgo eta Tibeteko igoerak, biak, interesgarriak direlako. Pintura bakoitzarekin batera panel bat dago, zortzimilakoak mendebaldetik ekialdera, ordenan, erakusten dituena.
Koadro bakoitzak euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako testu bat du ondoan. Bertan, gailur bakoitzaren datu teknikoak eta pasadizo pertsonalizatuak azaltzen dira.
Erakusketak ondo funtzionatzen duela frogatu ondoren, Euskal Herriko hainbat herritan erakutsi nahi dugu, 2026ko urtarriletik aurrera, mendi-taldeek hala eskatzen badute. Erakusketen iraupena aldakorra izan daiteke: ohikoena bi aste eta hilabete artekoa izatea da.
Erakusketa antolatzearen prezioa 350 €-koa da, gastuei aurre egiteko. Eskatzaileak bere gain hartu behar du garraioa, baina horretarako nahikoa da auto partikular baten maletategiarekin.
