Lotu gure sokara lagundu

x

Egoitza berriaren inaugurazio-ekitaldia

Egoitza berriaren inaugurazio-ekitaldia Argitaratuta: 20-09-2019
Egoitza berriaren inaugurazio-ekitaldia
EMMOA Fundazioak (Euskal Mendizaletasunaren Museoa) bere egoitza berriaren inaugurazio-ekitaldia ospatu zuen irailaren 17an; Donostiako Gros auzoan dago egoitza berria, Zuhaizti plazan.

Donostiako Udaleko zenbait ordezkari bildu ziren ekitaldian, Eneko Goia alkatea eta Martin Ibabe kirol-zinegotzia buru zituztela. Han izan zen, halaber, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria, Xabier Ezeizabarrena, bere izenean.

Mendizaletasunaren atal ofizialaren ordezkari gisa, ekitaldian parte hartu zuten Euskal Mendizale Federazioko lehendakari Jose Ramón Alonsok eta Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundeko lehendakari Martín Montañések ere.

EMMOA proiektuaren beste zenbait babesle eta laguntzaile ere izan ziren ekitaldian: Iñigo Marquet, Orona Fundaziokoa, Arturo Azpeitia, Juan Zelaya Fundaziokoa, Juantxo Agirre-Mauleón eta Fermín Leizaola, Aranzadikoak, Carles Capellas eta Encarna Ciuraneta, Servei General d Informació de muntanya-koak, Jabier Baraiazarra, Bilbao Mendi Film Festival ekitaldiaren zuzendaria, Luisa Alonso, Pyrenaicaren zuzendaria eta Ander izagirre, idazlea; Vasco de Camping eta Fortuna klubetako ordezkaria ere bertaratu ziren.

Oso esanguratsua izan zen EMMOAren deialdiari erantzun zioten mendizaleen enbaxada. Izen handiko alpinistak bildu ziren Donostian, besteak beste, Edurne Pasaban, Juanito Oiarzabal, Juanjo San Sebastián, Alberto Cáceres, Gregorio Ariz, Josu Bereziartua, Alex Txikon, Adolfo Madinabetia, Felipe Uriarte, Juan Laredo eta Julio Villar. Mendiko lehiaketa berrietan nabarmendu diren mendizale gazteek ere parte hartu zuten inaugurazioan, Maite Maiora eta Oihana Kortazar korrikalariek, esaterako.

Joxe Mari Otermin kazetari beteranoa arduratu zen ekitaldia zuzentzeaz, eta hark aurkeztu zituen EMMOA Fundazioaren arduradunen esku-hartzeak, Txomin Uriarte lehendakariarena eta Antxon Iturriza idazkariarena, zehazki.

Zirraragarria izan zen benetan ekitaldian bildutako zenbait alpinistek txandan-txandan egin zituzten dohaintzen unea: emandako objektu bakoitzak barnean ezkutatzen zituen historiak kontatu zituzten banan-banan. Esate baterako, Adolfo Madinabeitiak pareta handietako eskalada garrantzitsu batzuetan erabili zuen hamaka eman zuen; Julio Villar abenturazale, alpinista eta nabigatzaileak Europako mendietako aspaldiko mapa bat eman zuen dohaintzan; Alex Txikonek, Makalun aurkitutako hesola zahar bat; Juanito Oiarzabalek, 2004an K2n erabilitako botak, eta Felipe Uriartek, sukalde bitxi bat, 1969an Cervino mendiaren iparraldea eskalatzerakoan erabilitakoa. Alberto Cáceresek 1969an Naranjo mendiaren mendebaldean bi euskal eskalatzaileri tragedia historikoa eragin zien zurezko ziria ekarri zuen. Azkenik, Gregorio Arizek 1979an Dhaulagiri gailurrean (lehen euskal zortzi milakoa) bera buru zuen espedizioak bildutako karta japoniarrak eman zituen. Gainerako mendizaleek EMMOAren ondareari beren ekarpena egiteko asmoa zutela iragarri zuten orobat, Euskal Herriko mendizaletasunaren historiako lekukotasunak ahanzturatik ateratzeko ahalegin horretan lagundu ahal izateko.


BERRI GEHIAGO